Espoliazioa

Mendebaldeko Saharak dituen baliabide naturalen aberastasunak, paradoxikoki, baliabide horiek erabiltzeko eskubidea ukatzera kondenatu du bertoko herria. Baliabide horiek, lehenik, potentzia kolonial batek (Espainia) eta, geroago, okupatzaile batek (Maroko) ustiatu dituzte.

Garai kolonialean zehar Saharako lurretan fosfato-hobiak aurkitu izanak lurraldearekiko interesa areagotu zuen, ordura arte izandako espantsio-ikuspegi soilaz haratago. Une horretatik aurrera, lurraren kontrola diru-iturri gisa ikusten hasi zen.

Marokok berehala aldarrikatu zuen lurraldea berea zela, eta martxa militar bat habiararazi zuen Sahararen lurretan zehar eta hasiera eman zion gaur egun arte irauten duen okupazioari.

Gaur egun, fosfato-meatzeak aurkitu eta 50 urtera, Saharako baliabide naturalen legez kanpoko espoliazioa ez da soilik mineral horretara mugatzen, beste sektore batzuetara ere hedatzen baita, hala nola arrantzara, agregakinetara, energia berriztagarrietara eta nekazaritzara.

Fosfatoa

Fosfatoa Mendebaldeko Saharan gehien ustiatzen den baliabide naturaletako bat da. Ongarriak ekoizteko horiek erabiltzea ezinbestekoa denez, meatzaritzarekin zerikusia duten atzerriko zenbait multinazionalek lurraldean duten presentzia handitzea erabaki dute.

Western Sahara Resource Watchen arabera, 2021ean soilik, Marokoko erregimenak 349,1 milioi dolarreko irabaziak izan zituen mineral hori esportatuz. Mineral hori ateratzeak saharar biztanleria bere lurraldean bertan bizi den egoera txarra iraunaraztea dakar. Hainbat aktibistek salatu dutenez, sektore horretan lan egiten duten bertoko gutxi batzuek prekarietatea pairatzen dute.

Arrantza

Mendebaldeko Saharako kostaldeetan 150.000 km karratuko arrantza-bankua dago, 200 arrain espezie baino gehiago eta 60 krustazeo eta molusku mota dituena. Marokoko Gobernua da Afrikako arrain-ekoizlerik handiena, eta kalkulatzen da arrantza-produktuak elikagaien esportazioen % 55 direla.

2021eko irailean, EBko Auzitegi Orokorrak Marokorekin egindako arrantza-akordioak baliogabetu zituen, Mendebaldeko Sahara akordio horietan sartzeagatik. Hala eta guztiz ere, Europako arrantza-ontzien presentzia gero eta ugariagoa da, baita arrantzarako teknika eta tresna ilegalak eta ingurumenerako kaltegarriak erabiliz ere.

Harea

Mendebaldeko Saharako harearen erauzketa atzerriko hondartzak edertzeko eta eraikuntzan erabiltzen da. Marokoko Gobernua ez da baliabide horren esportaziora mugatzen, okupazioan laguntzen duten azpiegiturak eraikitzeko ere erabiltzen baita.

Harea lapurtzeak kalte handia eragiten die ekosistemari eta bertan bizi den faunari, eta ingurumenean aldaketa konponezinak eragiten ditu.

Energia berriztagarriak

Parke eoliko eta fotovoltaikoak garatzeko klima egokia dela eta, gaur egun bederatzi daude Tarfaya, Bojador, El Aaiun eta Dajla probintzietan.

Horrela, Marokoko gobernuak energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duten multinazionalak inportatzea eta kontinentean progresismoaren irudia ematea lortzen du, saharar jatorriko pertsonak sistematikoki bortxatzen dituen bitartean.

Horrela, Marokok ez die jaramonik egiten giza eskubideen urraketa nabarmenen salakatei, eta lurraldearekiko eta ingurumenarekiko errespetuaren ilusioa sortzea lortzen du.

Marokoko estatua Turismo Jasangarriaren Neurketan Adituen Nazioarteko Taldeko kide aktiboa izan da azken urteotan, Mendebaldeko Saharan ekoturismoa sustatuz sahararren baimenik gabe. Sahararrek ezin dituzte sektore honek eskaintzen dituen lanpostuak eskuratu, eta, beraz, irabazi ekonomikoak ez zaizkie iristen beharra dutenei.

Nekazaritza

Mendebaldeko Saharak laborantzarako lur emankor eta egokiak ditu; beraz, orain arte, Marokok 12 nekazaritza-sail ustiatzen ditu Dajlatik gertu. Landaketa horien ekoizpenaren % 80 azkenean Europako herrialdeetara esportatzen diren tomateak dira.

Beste behin ere, Marokoko gobernuak sektore hau erabiltzen du Mendebaldeko Saharako okupazioari eusten jarraitzeko; izan ere, Saharako lurraldean lan egiten duten nekazaritza-enpresen zuzendaritzek lotura zuzena dute Marokoko monarkiarekin, eta Marokoko langileak inportatzea ezartzen dute politikatzat, kolonoen presentzia areagotzeko.